XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Agintariak eta Langileria

Oposaketak eta Lehiaketak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

AGINDUA, 1995eko urriaren 16koa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ekainaren 29ko 10/1988 Legearen bidez EAEko Hezkuntza-Administrazioaren menpeko herri-ikastetxeen sarean baterabildu diren ikastetxeetako langileak irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko berariazko hautaprobetarako deialdia egiten duena.

Hezkuntza-Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko seigarren xedapen iragankorrak lehenengo azpiatalean ezartzen duenez, ikastolak eta herri-eskola biltzeko ekainaren 29ko 10/1988 Legean aurrikusitako ihardunbideen arabera Euskal Autonomi Elkarteko Hezkuntza-Administrazioaren menpeko herri-ikastetxeen sarean bildu diren ikastetxeetan diharduten irakasleek irakaskuntzako Funtzio Publikoan sartu ahal izango dute, Hezkuntza-Administrazio horrek deitutako berariazko hautaproben bidez, aurretik Eusko Legebiltzarrak araututakoak.

Horri dagokionez, Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, ikastolak eta herri-eskola biltzeko ekainaren 29ko 10/1988 Legean xedaturiko ondorietarako, ikastolek epe bat izango dutela aukera egiteko.

Epe hori 3 hilabetekoa izango da, Lege hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, eta epe horretan aukerarik adierazten ez duten ikastolek baterabiltzea ez egiteko aukera egiten dutela ulertuko da.

Zazpigarren xedapen gehigarri hori aplikatzeko, aukeratzeko eskubide horretaz baliatzeko ihardunbidea arautzen duen maiatzaren 4ko 123/1993 Dekretua eman zen, eta prozesua herri-ikastetxeak sortzeko dekretuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz burutu da.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen hamairugarren xedapen gehigarriko zazpigarren azpiatalean aurrikusitakoaren arabera, Euskal Autonomi Elkarteko unibertsitateaz kanpoko irakasle-kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen xedapen gehigarrietako bigarrenak bere lehenengo a) azpiatalean ezartzen du, bestalde, aipatzen diren irakasleek dagokien kidegoan karrerako funtzionario irakaslearen izaera lortu ahal izango dutela, horretarako behar diren titulazio-baldintzak betetzen badituzte, hautaproba mugatuak eginez.

Proba horiek, salbuespen-izaeraz eta indarreango legerian agertzen diren aurreikuspenen arabera, hezkuntza-administrazioak deitu ahal izango ditu.